Literaturan erabili zuen izengoitia bere berezko izena frantses kutsua emana da. Lehenengo «Wilhelm» izena «Guillaume» bihurtu zuen eta, ondoren, abizena hartuta «Apollinaire» bihurtu zuen.
Biografia
Ikasketa ezohikoak egin zituen, eta familiako irakasle-postu bat lortu zuen Renanian (1912-1945); lanbide horri esker, Alemania eta Austria-Hungarian zehar bidaia ugari egin ahal izan zituen.
Parisa joanda, bere lehen lanak argitaratu zituen literatura-aldizkarietan, eta Alfred Jarry eta beste zenbait literatura-egile gazte ezagutu. Arte-kritika egin zuen, bere lagunen joera berrien alde eginez: Picasso, Braque, Dufy, Matisse, Rousseau...
1909an lehen liburua argitaratu zuen, L´Enchanteur pourrissant ("Liluratzailea usteltzen"). Gero L´Heresiarque et compagnie (1910) ipuin-bilduma ondu zuen. Le Bestiaire ou Cortège d´Orphée (1911) fantasia poetikoaren ondoan, bere poema hoberenen bilduma plazaratu zuen: Alcools (1913). Poesia modernoaren obra nagusi horrek 1908 eta 1913 artean moldaturiko lanak biltzen ditu. Urte berekoa da Les peintres cubistes.
Lehen Mundu Gerra hastean frantses armadan sartu zen (1914), eta zauritu egin zuten 1916 urtean. Berriro Parisa itzulirik, abangoardiako aldizkari nagusietan esku hartu zuen. 1917an poema-liburu berri bat argitaratu zuen, Vitam impendere amori, bai eta autoreak berak "drama surrealista" deitu zuen lan guztiz originala: Les Mamelles de Tirésias ("Tiresiasen Titiak"). 1918an Calligrammes agertu zen, ospetsuak egin ziren poema grafikoen bilduma; urte berean ezkondu zen.
Espainiako gripeak jota hil aurretik, 1918an bertan kronika poetikoen bilduma bat argitaratu zuen: Le Flâneur des deux rives ("Bi ertzetako paseatzailea"). Hil ondoren agerturiko zenbait lan: La femme assise ("Emakume eseria", 1920); Ombre de mon amour ("Ene amodioaren itzala", 1947); Lettres à Lou ("Louri gutunak", 1955).
Margolari lagunekin batean laster igarri zuen nondik abiatuko ziren surrealismoaren aitzindariak. Horrenbestez, arte modernoaren lehen aldarrikatzaileetakoa da. Bere poesia, forma-ausardiak gorabehera (puntuazio-zeinuen ezabapena, berritasun tipografikoak eta abar), lirismo bikainekoa da, tonu xumean adierazlea eta zirrara bigunaren sortzailea.[2][3]
Surrealismoa
Apollinaire izan zen surrealismo eta surrealista terminoak erabiltzen lehena. 1917ko martxoan Paul Dermée poeta belgikarrari bidalitako gutun batean terminoa asmatu zuen, eta 1917ko ekainean berriro erabili zuen. Bigarren aldi hori Les Mamelles de Tirésias antzezlanaren estreinaldiaren harira izan zen, eta «drama surrealistatzat» jo zuen, errealitatea ikusteko modu bat adierazteko, beste inork balio ez ziolako. Parade musikalean ere hitza erabili zuen.[4] Horrela definitu zuen: «Gizonak ibilera imitatu nahi izan zuenean, gurpila sortu zuen, hanka baten batere antzik ez duena. Horrela surrealismoa egin zuen jakin gabe».
André Bretonek 1924ko Manifestuan, hitza berreskuratu zuen, baina beste adiera bat eman zion.[5]