Van Morrison
Van Morrison (Belfast, 1945eko abuztuaren 31), sortzez George Ivan Morrison, irlandar musikagile, musikari eta abeslaria da. Estilo ugari landu izan ditu, hala nola, rock, soul, rhythm and blues, folk, blues, jazz eta countrya. Belfasteko lehoia ezizena ematen zaio. Diskografia zabalaren egilea da. Abesti arrakastatsuen artean "Gloria", "Brown Eyed Girl", "Moondance", "Domino", "Have I Told You Lately", "Someone like You" eta "Days Like This" ditugu. Behin baino gehiagotan eman ditu kontzertuak Euskal Herrian, batik bat Donostian. BizitzaGeorge Ivan Morrison Belfasten jaio zen, 1945eko abuztuaren 31n. Haren gurasoak eskoziar jatorrikoak eta Jehovaren lekukoak zirenez, hasieratik arrotz sentitu zen katoliko eta protestanteen artean banatutako gizarte batean.[1] Hamabost urte zituela, eskola utzi eta The Monarchs rhythm and blues taldean sartu zen saxofoi-jotzaile gisa. 1963an, Them taldea osatu zuen. Lehenbiziko aldiz, berak konposatutako abesti bat diskoratu zuen: "Gloria"; hemeretzi urte besterik ez zuen. Talde horrekin bi disko kaleratu ondoren, bakarkako bideari ekin zion.[2] 1967an, Them taldearen ekoizle berak, Bert Bemsek, kontratu bat eskaini zion. Bemsek, Morrisonen baimenik gabe, Blomin your mind LPa kaleratu zuen. Apenas entzun zen inon, gogorregia zen, mingarriegia, artean ere ilean loreak zeramatzan gazteriarentzat. Hurrengo urtean, bere diskorik onenetarikotzat hartua izan dena osatu zuen, Astral Weeks. Garai hartan Boston hirian bizi zen eta, alkoholaren morroi, gauetan irratietara deitu ohi omen zuen John Lee Hookerren kantuak eskatzeko.[oh 1] Egoera horretan, berrogeita zortzi orduz grabatu zuen aipaturiko diskoa.[2] Hurrengo lanetan konstantea izan zen "Kaledonia izpiritua" agertu zen Astral Weeks albumean, Morrisonen ukitu propioa, jazza, bluesa, soula eta musika tradizionala nahasiz. Arrakasta handirik izan ez bazuen ere, kritika espezializatuak ongi baino hobeki hartu zuen eta, urteak igaro arren, ez du gaurkotasunik galdu.[2] 1970ean, Moondance LPa plazaratu zuen, eta banda propioa osatu. Talde hartatik sortu zen, urtebete beranduago, Caledonia Soul Orchestra. Urte berean, His Band and the Street Choir lana eman zen argitara, eta Tupelo Honey 1971n. John Platania, Jack Schroer, Jeff Labes —hari atalekoak —, Ronnie Montrose, Ron Elliot —gitarra-jotzaileak—, Leroy Vinnegar, David Hayes —baxu-jotzaileak—, Gary Mallaber, Connie Kay, Rick Schlosser —bateria-jotzaileak—, Mark Naftalin, Mark Jordan —pianistak— eta Nathan Rubín —biolin-jotzailea— igaro ziren orkestra hartatik, 1974 arte.[2] Saint Dominic's Preview (1972), Hard Nose the Highway (1973) eta It's Too Late to Stop Now (1974) izan ziren hurrengo lanak. Ondoren, taldea deuseztu, Janet Rigsbee emaztearengandik banatu, Amerika utzi, eta bere sorterrira itzuli zen. Veedon Fleece (1974) albumak ireki zuen Morrisonen aro berria. Disko mikatza eta arraroa da, oraindik ere obsesionaturik Kaledoniaren edo izpiritu-bakearen bila dabilena.[2] 1976an, Martin Scorsesek The Last Waltz filmean jasotako The Band taldearen azken kontzertuan aritu zen, Bob Dylan, Neil Young, Joni Mitchell eta beste zenbaitekin batera. Ondorengo lanak A Period of Transition (1977), Wavelength (1978) eta Into the Music (1979) izan ziren; azken horretan, besteak beste, Ry Cooderrek, Toni Marcus biolin-jotzaileak, Pee Wee Ellis saxofoi-jotzaileak eta Mark Isham tronpeta-jotzaileak hartu zuten parte.[2] Jehovaren Lekukoen erlijioan hezia, urteekin eliza ezberdinetara hurbildu zen, eta haren diskoetako batzuk mistizismoz eta espiritualtasun handiz jantzirik daude.[1] 1982an, Zientziologiaren Elizako kide egin zen. Garai hartan, lau lan kaleratu zituen eta laurak Irlandatik inoiz baino gertuago daude: Beautiful Vision (1982), Inarticulate Speech of the Heart (1983), Live at the Grand Opera House, Belfast (1984) eta A Sense of Wonder (1985). 1986an utzi zuen Zientziologia; hurrengo lana horren lekuko izan zen: No Guru, No Method, No Teacher ("Ez gururik, ez metodorik, ez irakaslerik").[2] Berriro ere Caledonia Soul Orchestrako zenbait kiderekin elkarturik, Poetic Champions Compose eman zuen argitara 1987an; lan oinazetua da, lasaitasunaren eta ezinegonaren arteko orekan segitzen duena.[2] 1988an, Irish Heartbeat grabatu zuen The Chieftains Irlandako musika tradizionaleko taldearekin. 1990eko hamarkadaren hasierako lanak top 5era iritsi ziren Erresuma Batuan: Enlightenment, Hymns to the Silence bikoitza eta Too Long in Exile. 1994an, A Night in San Francisco zuzeneko diskoa karrikaratu zuen. Diskografia
Oharrak
Erreferentziak
Kanpo estekak
Information related to Van Morrison |
Portal di Ensiklopedia Dunia