Titikaka
Titikaka[1] (gaztelaniaz: Titicaca; kitxuaz eta aimaraz: Titiqaqa) Andeetako Altiplanoan, Peru eta Boliviaren arteko aintzira da. Itsas mailatik 3.812 m-ko garaieran dago eta 8.372 km²-ko eremua du. Ontziz zeharka daitekeen munduko aintzira garaiena da eta, hedadurari dagokionez, Hego Amerikako bigarren aintzira da eta munduko 19.a[2]. GeografiaTitikaka aintzirak 8.372 km²-ko eremua du; 4.772 km²-ko azalera Perukoa da, eta gainerakoa (3.790 km²) Boliviakoa. Sakonera handiena 281 m-koa da[3] eta kostaldeetan sakonera txikiko badiak zabaltzen dira. Aintzira ia banandurik dauden bi ur-eremuz osaturik dago, Tiquinako tartean lotzen direnak. Tarte honek 800 metroko zabalera du tokirik estuenean. Ur-eremu zabalena, Lago Grande edo Lago Chucuito, batez beste 135 metro sakon da (gehienezko sakonera 281 m). Ur-eremu txikiena, Lago Pequeño edo Lago Huiñaimarca (kitxuaz, Wiñay Marka) deitua, batez beste 9 metro sakon da (gehienezko sakonera 40 m). Titikakaren betebide nagusia bost ibai dira: Ramis, Coata, Ilave, Huancané eta Suchez ibaiak. Haiei ura euritatik eta Andeetako glaziarrak urtzetik datorkie. Beste 20 ibaik edo ura isurtzen diote. Aintziran biltzen den ur gehiena (% 90 inguru), ordea, lurrundu egiten da eguzki irradatzearen indarragatik eta goi-ordokiko haize lehorrengatik. Aintziraren hegoaldetik Desaguadero ibaia irteten da eta Boliviako Poopo aintziraraino eramaten du ura. UharteakTitikakan 41 uharte daude, batzuk biztanle kopuru handikoak. Hauek dira nagusiak:
KlimaTitikakako klima garaiera handiko azpitropikalaren eta alpinoaren arteko ezaugarriak ditu. Urte guztiko tenperaturak freskoak edo hotzak dira. Urteko pilatutako prezipitazioa 610 mm-koa da, eta gehiena udako ekaitz erauntsietan jasotzen da.
Fauna eta floraTitikakako landare bereizgarrenetako bat totora (Schoenoplectus californicus) da, uru etniakoek txalupak egiteko baliatzen dutena[5]. Myriophyllum elatinioides (hinojo llacho), Zannichelia palustris (siji llacho) eta Elodea potamogeton (yana llacho) murgildutako landareek llacho deitutako formazioa osatzen dute. Beste ur-landare batzuk Azolla filiculoides, Lemna gibba eta puruña (Chara sp.) alga dira[6]. Altiplanoko iktiofaunak taxonomia-aniztasun txikia du. Bertako espezie autoktonoak hiru generotakoak dira: Orestias, Astroblepus eta Trichomycterus. Orestias generoa Peru, Bolivia eta Txileko garaiera handiko aintziretan eta haietara isurtzen diren ibaietan endemikoa da. Genero horretako 23 espezie (tartean beharbada galdurik dagoen Orestias cuvieri[7]) Titikakaren arroan baino ez dira aurkitu. Arrantza komertzialean karachia (Orestias luteus) eta ispia (Orestias ispi) garrantzitsuenak dira. Haiez gain, populazio handiak dituzten espezie sartu batzuk, hala nola ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss) eta pejerreya (Odontesthes argentinensis) ere ustiatzen dira[8]. Arriskuan dauden beste espezie endemiko batzuk Telmatobius culeus igela eta Rollandia microptera txilinporta dira. Lophonetta specularioides, Anas puna, Anas flavirostris, Anas cyanoptera, Anas platalea, Oxiura ferruginea eta Fulica ardesiaca ehiza-hegaztiak dira[6]. Aintzira flamenkoentzako (Phoenicopterus chilensis) eremu garrantzitsua da[9]. HistoriaBertan Amerikako kulturarik zaharrenetakoak sortu ziren. Hegoaldeko kostaldetik hurbil Tiahuanaco hiriaren hondakinak daude. Tradizioaren arabera, Sol edo Titikaka uhartean (aintzirako uharterik handienean) sortu zen inka herria[10]. DemografiaAintziraren bazterretan aimara, kitxua eta uru etnietako kideak bizi dira. Puno (Peru aldean) eta Guaqui (Bolivia aldean) aintziraren ertzeko hiri nagusiak dira. Beti ere, landa inguruko biztanleria hirietakoa baino ugariagoa da. Titikakaren arroak osotara 2.054.622 biztanle ditu: 1.132.378 peruar aldean eta 922.244 boliviar aldean, era honetan banatuak:
Erreferentziak
Kanpo estekak |
Portal di Ensiklopedia Dunia