OionArabako hego-ekialdeko udalerri bat da, Arabako Errioxa kuadrilla edo eskualdekoa. Arabako lurralde historikoko udalerririk populatuenetan bosgarrena da, Gasteiz, Laudio, Amurrio eta Agurainen ondoren, 3.405 biztanle baititu 2023ko erroldaren arabera. Azken urteotan asko hazi da.
Euskal Autonomia Erkidegoan hegoalderen dagoen herria da, Logroñotik 4 kilometrotara eskasera eta Gasteiztik 58 bat kilometrora, eta ondorioz oiondarrek Errioxako hiriburuan dituzte zerbitzu gehienak.
923. urtean dagoeneko bazen herrixka hau Nafarroako Erresumako Sonsierra eskualdean. Hipotesi baten arabera Ullone izeneko iturri baten inguruan sortu zen[5]. X. mende hartan Iruñea eta Naiara arteko bidean kokaturik zegoen[5]. XI. mendean Donejakue bidea pasatzen zen bertatik. Logroñora iritsi aurreko azken herria zen.
1366 urteko agiri batean aipatzen da Oion herrixka. Nafarroako Erresumaren barnean Guardiaren menpeko herria zela aipatzen da. Aldi berean Iruñeko apezpikutzari zegokion. 1461 urtean Henrike IV.a Gaztelakoak Nafarroako sonsierra (gaur egungo Arabako Errioxa dena) konkistatzerakoan Oionen dorretxea zuela aipatzen da. 1486an Guardia Arabako ermandadean sartu zen eta Oion ere bai beraz. Hala ere Iruñeko apezpikutzan jarraitu zuen 1862 artean, Arabar Errioxako herri bakarra zen egoera horretan zegoena[6].
1633an Felipe IV.ak emandako pribilejioari esker Guardiatik banandu eta hiribildu titulua jaso zuen[6].
Labraza eta Gorrebusto
1196koa da Labraza eta Gorrebustoren aurreneko aipamenak. Ez zeuden Guardiaren menpe eta Gorrebusto Labrazaren barruan zegoen. 1501 urtean Arabako Ermandadean sartu ziren. XIX. mendean Gorrebusto independizatu egin zen baina 1977an herri biak Oion udalerriaren barruan kokatuta gelditu ziren.
Ekonomia
Oiongo ekonomiaren gaur egungo motor nagusia ardogintza da. Oiondar askok ardoaren inguruko negozioan dihardu, herrian ehunka mahasti-hektarea dauzkaten enpresa handiak baitaude. Oiongo upategiak handiak dira eta mundu osora esportatzen dute ardoa. Ezagunenak Faustino,Coto de Rioja eta Valdemar dira[5].
Aipatzekoa da Arabar Errioxako enpresen %40 Oionen daudela kokatuta.
Sinboloak
Oiongo armarriak Oiongo historia erakusten du. Oinarri berdean urre koloreko munduko bola dago PHILIPUS IV idazkia duena, herri titulua eman zion erregea jain zuzen ere. Gainean erregearen koroa du. Ezkerrean ezpata duen beso bat ateratzen zaio.
Alboetan maskor bana du, Donejakue bidearen erakusle eta azpialdean liliak dituen pitxar bat. Hauek guztiak zilar kolorekoak dira.
2010ean egindako ikerketa batek erakutsi zuen oiondarren %23ak euskaraz hitzegiteko gai dela. Hori herriko ikastetxeek eta euskaltegiak egindako lanaren ondorioa da.
Oionek[33] ikastola dauka 1978tik, "San Bizente" izena duena. 1984, 1997, 2000, 2009, 2015 ea 2024. urteetan antolatu zuten oiondarrek Arabako ikastolen jaia, Araba Euskaraz alegia. Azken ekitaldiak ordea Gasteizen ospatu ziren. Eskola publikoa ere badu, "Ramiro de Maeztu" izenekoa. B eta D ereduak ditu.
Helduentzat IKAreneuskaltegia dago. Herriko euskararen aldeko eragileek 2016ko apirilaren 24an Oiongo plazan dagoen kioskoari izena jarri zioten, Euskaldun Berrien Kioskoa[34].
Dantza, musika eta bertsoak
Irule Kultur Elkartea da Oiongo kultura sustatzaile nagusia. Dantza taldeaz gain txistulariak ere badaude eta kontzertuak antolatzen ditu[35].
Prudentzio Egunsentia Abesbatzak Oiongo ekitaldi nagusietan abesten du[36]. 1990. hamarkadan osatu zuten San Bizente ikastolako gurasoek.
Bertso-eskola ere badago, Arabar Errioxako kuadrilla ordezkatzen duena. Txandrio du izena bertso eskola honek eta 2018ko Arabako bertso kuadrilla artekoan finala jokatu zuen[37].
Jaiak eta ospakizunak
Errege eguneko aurorak, urtarrilaren 6an goizeko lauretan elartzen dira herriko gazteak eta erlijio kutsuko kantak abesten dituzte.
Herriko zaindari diren Done Bikendi eta Done Anastasioren jaiak, urtarrilaren 21ean eta 22an. Hainbat ekitaldi aipagarri izaten ditu jaiak:
Katxiaren Iraulia, urtarrilaren 21 eta 22an. Herriaren independentzia ospatzen duen antzinako dantza da, 300 urte baino gehiago dituena. Katxi izeneko pertsonaia bufoien antzera janzten da, jantzi gorri eta berdearekin, eta azeri larrua darama eskuan. XVII. mendean dagoeneko aipatzen da eta herriko banderaren azpian egiten du iraulketa.[38]
Suak edo Martxoak: urtarrilaren 21ean.
Patroien aurorak: urtarrilaren 22an izaten da. Errege eguneko ekintza bera da baina oriangoan herriko nagusiek hartzen dute parte.
Patroi sainduen dantza: urtarrilaren 22ko mezaren ondoren herrian patroi sainduekin prozesioa egiten da eta geldialdietan patroi sainduen dantza egiten da. 11 dantzariren taldeak burutzen du kriskitiñak eskuetan dituztela eta dultzaina eta danborren soinuan. Lehen mutilek bakarrik dantzatzen zuten baina azken urteetan nesken taldea eta mutilen taldea batera aritzen dira.
Suzko zezentxoa: Su artifizialez zutabe baten gainean herrian gertaturiko miraria errepresentatzen da. Duela urte asko oiondarrak prozesioan zebiltzala zezen batek ihes egin zuen. Herritarrak ihes egin beharrean geldi geratu ziren sainduen babesa eskatuz eta zezena beren aurrean ziplo erori zen.
Erraldoi eta buruhandiak: Bi erraldoi bikote dituzte, Nafarroako errege-erregina eta euskal jantzi tradizionalak daramatzaten gizonezkoa eta emakumezkoa.
San Prudentziotako danborrada: Arabako patroiaren eguna da eta danborrada 1992tik urtero ospatzen da apirilaren 28a.
Abuztuaren azken astean Esker Oneko Jaiak ere izaten dira Oionen.
Kirolak
Oiongo kirol elkarte nagusia Sociedad Deportiva Oyonesa da. 1928an sortu zen eta futbol taldeak Errioxako Hirugarren RFEF multzoan jokatzen du, Logroñorekiko duen gertutasunagatik. 2010ean multzoko txapelduna izan zen. Igoera play-offak Real Sociedad B taldearen aurka jokatu zituen eta ezin izan zuen Bigarren B mailara igo[39].
Instalakuntzei dagokionez 2010ean Oion Arena futbol estadioa inauguratu zen[41]. Horretaz gain Arroyo I.a polikiroldegia (frontoia barnean duela)[42] eta udal igerilekuak ere badaude[43].