Glenn FordGwyllyn Samuel Newton Ford (Quebec Hiria, Quebec, 1916ko maiatzaren 1a – Beverly Hills, Kalifornia, 2006ko abuztuaren 30a), Glenn Ford ezizenez ezaguna, estatubatuar antzezlea izan zen, kanadarra jatorriz. Gilda filmaren arrakastak betiko markatu zuen haren karrera. Gizon gogorrarena egin zuen gehienetan, eta paper horretan lortu zituen bere antzezpen hoberenak, baita ezohiko egoerei aurre egitera beharturik zegoen gizonarena ere, baina komedian lan egin zuenean ere, uste zitzaizkionak baino dohain handiago zituela erakutsi zuen. 1987an Donostia saria jaso zuen. BizitzaGazte-gaztetik antzerkirako zaletasuna erakutsi zuen, eta lehen antzezpenak eskolan egin ondoren, konpainia ibiltari batentzat lan egin zuen Estatu Batuetako mendebaldeko kostan zehar. 1940an 20th Century Fox konpainiako film batean parte hartu bazuen ere, berehala Columbia Picturesen hasi zen lanean eta film asko egin zituen harentzat. Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, 1946an, zinemaren historiako film ospetsuenetako batean parte hartu zuen: Gilda, Charles Vidorren gidaritzapean. Film horretan zinemaren historiako irudi famatuenetako bat agertzen da: alegia, Fordek Gildari (Rita Hayworth) ematen dion masailekoa. Film haren arrakasta zela-eta, Ford eta Hayworthek elkarrekin lan egin zuten beste bitan: The Loves of Carmen (“Carmenen amodioak”, 1948, Charles Vidor), eta Affair in Trinidad (1952, Vincent Sherman); baina film horiek ez zuten Gildak adinako arrakastarik izan, eta handik aurrera bakoitzak bere bidea hartu zuen. 1950eko hamarkadan, era askotako filmak egin zituen, westernak eta polizia filmak, besteak beste: Erosiak (1953, Fritz Lang), Gaiztakeriaren hazia (1955, Richard Brooks) eta abar. 1956an, komedia batean parte hartu zuen, Delbert Mannen Abuztuko ilargiko te etxea, eta geroxeago, Dalmer Davesen 3:10etako trena filmean. 1959an, Metro Goldwyn Mayer ekoizpen etxearentzat hasi zen lanean. Garai hartan egindako lanen artean, Cimarron (1960, Anthony Mann), Ganster bat mirari baterako (1961, Frank Capra), eta Apokalipsiko lau zaldunak (1961, Vincente Minnelli) ditu aipagarrienak. Azkeneko urteetan, arrakastarik gabeko filmak egin ondoren, bere izenaren ospeaz baliatu ziren telebista sailetan parte hartu zuen. Filmografia
Erreferentziak
Kanpo loturak
|
Portal di Ensiklopedia Dunia