«
|
Handik sei hilabetera, Jainkoak Gabriel aingerua bidali zuen Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena, eta Josef zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen.
Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:
–Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.
Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari. Aingeruak esan zion:
–Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu. Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena. Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak. Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.
Mariak esan zion aingeruari:
–Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?
Aingeruak erantzun zion:
–Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.
Orduan, esan zuen Mariak:
–Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.
Eta aingeruak utzi egin zuen.
|
»
|